Diputatuaren agurra

Emakumeok gure eskubideen eta askatasunen alde egin dugun bideak mendeetako historia du; aurrerapen askorekin eta atzerapauso batzuekin. Gaurko emakumeok beste emakume horien guztien, feminista handien, borrokalari ausarten ahaleginen eta borrokaren oinordekoak gara, baina baita gu baino lehen honaino ekarri gaituen bide honetan urratsak eman zituzten gure amen, gure amonen… oinordekoak ere.

Ezer ez dago amaituta. Ezer ez da modu ezeztaezinean lortu.

Simone de Beauvoirrek argi eta garbi adierazi zuen bezala, “ez ahaztu inoiz krisi politiko, ekonomiko edo erlijioso bat nahikoa izango dela emakumeen eskubideak berriro zalantzan jartzeko. Eskubide hauek ez dira inoiz eskuratutzat jotzen, erne egon behar duzue zeuon bizitza osoan”.

2018ko martxoaren 8aren ondoren patriarkatua diskurtso zahar eta berriekin berrarmatzen zela egiaztatu dugu, berdintasunaren aurkako eraso tradizionalarekin jarraitzeko.

Elkarri begiratu nahi diogu. Jorratzen ari garen bidean une bat hartu eta elkarri begiratzen diogun emakumeak gara, elkar ezagutzeko, lortutakoa ospatzeko, oraindik ditugun zailtasunak gogoratzeko, indarrak berritzeko eta zereginarekin jarraitzeko. Zirga baten eta euren indar fisikoaren laguntza bakarrarekin itsasadarrean zehar itsasontziak atoian eramaten zituzten zirgariek bezala. Inork aitortu ez zuen lan gogorrean Zugaztietako, Gallartako… meategietan minerala garbitu zuten emakumeek bezala; inolako aintzatespenik gabe zainketan lan egin zuten emakume asko, eskubiderik gabeko ehunka mila emakume, desberdintasunaren bidegabekeria izugarriari, herritartasun-eskubide guztien gabeziari aurre egiteko arma bakartzat euren uste sendoen indarra baino izan ez zutenak…

Konpromiso feminista berritu nahi dugu, agenda feminista aldarrikatu, feminismoa emakumeen eskubide kolektiboen defentsan birkokatu, begirada bidegabekeria izugarrietan jartzen duen feminismo internazionalistara itzuli, …

2023ko urtarrilean berdintasunaren aldeko emakumeen kongresu edo biltzar handi bat egin genuen Bilbon: #EMAKUMEAK. Hausnartu ahal izateko leku bat, eztabaidarako gune libre bat, eskubide berberak aldarrikatzen ditugun emakume ezberdinen arteko topaketa. Baina Emakumeak hori baino gehiago ere bada, 2022az geroztik garatzen ari diren eta gaur egun ere jarraitzen duten hainbat jarduera, topaketa eta jardunaldi biltzen dituen estrategia da.

Izan garelako, garelako eta izango garelako. Emakumeak.

EMAKUMEAK: Izan, Ser, To be.

TERESA LAESPADA, Enplegua, Gizarte inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko foru diputatua