Burdinazko Emakumeak erakusketak omenaldia egiten die burdin-meatzaritzaren itzalean bizi izan ziren emakumeei, haien ahaleginari esker, beren familiak sostengatu eta Bizkaiko garapen ekonomikoan ekarpen erabakigarria egin baitzuten. Haien parte-hartzerik gabe, Bizkaiko meatzaritzaren historia ezin ulertuzkoa litzateke.
Erakusketa Bizkaiko meatze-arroko hainbat herritatik igaro da –Trapagaran, Muskiz eta Ortuella– eta orain Euskadiko Meatzaritzaren Museoan izango du bere behin betiko kokapena.
Inaugurazio ekitaldia dela eta, Emakumeak proiektutik hitzaldi bat antolatu genuen, eta bertan Pilar Pérez Fuentes ikertzaile eta erakusketaren komisarioak emakume horiek Bizkaiaren eraikuntzan izan zuten funtsezko rolari buruz hitz egin zigun.